XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

: (...) Maitagarriok! Ahuntzaren kideok! Sorgiñak! Baso jaun gaitz eta zuen urrezko hileak Zugarramurdiko errekako uretan orrazten dituzuen Lamiak! Aintzinako euskal mundu zaharreko izpiritu denak!.

Esna mendeetako zuen lo zorrotik eta ailtxa zaitezte! Zoazte Larrun mendiko malda usaintsuetatik behera! Zoazte bai harkaitz artetik abiada zaluan! Eragiezue hegalei eta zoazte errekasto gainetik, egoitza oihan itsu horretan duten andere ederrei men egitera!

Sorgin zuhurrok, sorginkeriazko ihardueran ihartu zeraten atsook, erauzi iezaiezue belarrei beren usain gozoena eta urrintsuena, zeinaren ondoan greziarren nepenthesa deusere ez bait da; emaiguzue edalontzietan alaitasuna, Birgiliren soloetan zehar dantza zoroan biribilka gaitezen denok, eta piztu gure bihotzetan gaztetasuna andreteri guzti hau besoetan suharrez maita dezagun, eta zorroztu azkenik gure adimena gogorakizun gorenenak asma ahal ditzagun haien ohoretan...

-... Eta Kupido maitasun piztaileak, Morfeo lagun duela, gure ederren gogoak mendera ditzanean... zuek, zaldunok, handikiok, begira ezazue haien loa, defenda itzazue gaueko erensuge eta izpiritu gaiztoetatik, erauzi gaueko ximeletei hegalak eta estali itzazue maitekiro, hilargiaren izpi gaiztoek ez ditzaten ikutu...

- Biba! Biba, Kahusak! - oihu egin zuten adixkideek. - Biba bearnetarra!